Berria!!!
Argitaratzeko arauak
Komunikazioen txantiloia

Komunikazioak

Sinposioan parte hartzeko izena emanda, komunikazioren bat aurkezteko interesa dutenek posta elektronikoren bidez igorri behar dituzte beren lanak ondoko helbide honetara: segeo2014comunicaciones@icog.es , 2014ko apirilaren 30a baino lehen.

Jasotako komunikazioak geologiaren didaktika eta irakaskuntzari buruzko gai-saiotan sailkatuko dira. Parte-hartzea ondoko gaietan eskatzen da bereziki:

• Geologiaren zabalkundea.
• Geologia derrigorrezko hezkuntzan.
• Geologia irakastearen beharrak eta abantailak.
• Geologia gaiak irakasteko berrikuntzak.
• Bestelako zientziekiko erlazioa: hausnarketak, esperientzia praktikoak.
• Trebatzen ari direnen irakasleekin erlazionaturiko ikerketak eta esperientziak.

Posterrak

Posterrak DIN-A0 formatua izan behar du, 120 cm. horizontalean eta 85 cm. bertikalean, gutxi gorabehera.


Hitzaldiak

Sinposioan hasiera-hitzaldi bat eta hiru hitzaldi marko antolatu dira, honakoak:

Inaugurazio hitzaldia:

“Eusko-Kantauriar Arroaren Geologia”
Sergio Robles Orozco Euskal Herriko Unibertsitateko Katedraduna

Hitzaldi markoak:

“AEPECTen eta SGEren heziketa- eta zabalkunde-jarduerak: oraina balioetsi etorkizuna eraikitzeko”
Marcos Aurell, Zaragozako Unibertsitateko Katedraduna eta Amelia Calonge, Alcalá de Henares-eko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Dekanoa eta Katedraduna.

“Ozeano hondoak: erabateko ezjakintasunetik Lur-zientzietako iraultzaraino, eta gaur eguneko erronkak”
Thierry Juteau, Brest-eko, Frantzia, Université de Bretagne Occidentale-ko irakasle emeritua.

“Poloetako eskualdeen interesa klima aldaketaren ikerketarako eta Lur Zientzien irakaskuntzarako”
Jeronimo López, Universidad Autónoma de Madrideko kanpo-geodinamikako irakasle titularra. SCAReko (Scientific Committee on Antarctic Research) presidentea.


Tailerrak

Ondoko hauek dira programatu diren tailerrak. 2 ordu iraungo dute eta parte-hartzaile bakoitzak hirutan eman ahal izango du izena, hala nahi badu. Aurretik izena eman behar da parte hartzeko Sinposioaren web guneko orrian apirilaren 30a baino lehen. Ondoren zerrendatzenak dira programatu diren tailerrak.

(1) Iragana berreraikitzea: geologia problemetan argudiatzea eta frogak erabiltzea
Paloma Blanco Anaya eta Joaquín Díaz de Bustamante

Tailer honetan hiru geologia-problema aurkezten dira, asmo birekin diseinatuak: alde batetik, frogak erabiltzea eta argudiatzea sustatuko duten giroak sortzea; eta bestetik, geologiari buruzko ezagutza hobetzea. Horrela ba, ikasleek hiru problemetako datu-multzoak interpretatu behar dituzte sedimentologiari, estratigrafiari eta paleontologiari buruz duten ezagutzan oinarrituta.


(2) Lurraren sekretuak aurkitzen, geomagnetismoa: esperimentu eta demostrazio didaktikoak
Edson Roberto da Souza, Laia Ramon-Sala eta David Brusi

Magnetismoa gure planetaren berezko ezaugarri fisikoa da eta Lur-Zientzien irakaskuntzarako interes handia du. Bere kontzeptu fisikoak ulertzea errazteko eta geologiarentzako aplikazio-arlo ugarien adibideak emateko baliabide didaktikoak proposatzen dira honako egiturarekin: laborategian zein ikasgelan erabiltzeko sei jarduera praktiko eta eredu analogiko.


(3) Apaindura-harriek kontatzen duten historia
Maria Cruz Zuluaga, Luis Ángel Ortega eta Ainhoa Alonso-Olazabal

Gure inguruko eraikin asko magmaz estalita daude, hotz eta solido orain, baina duela milioika urte zuten tenperatura mila gradukoa baino handiagoa zen. Gure etxeetako gainazaletan plaka tektonikoen etengabeko mugimenduek deformaturiko arrokak agertzen dira. Makina bat fosil, bere egunean itsas-hondoetan metatu zirenak, hainbat ataritan agertzen dira, leun eta disdiratsu, dotore. Hori guztia, apaindura-harriak behatuta ikas dezakegu.


(4) Ibilaldia itsas-hondoetatik eta Lurraren erraietatik. Hiriko ginkana geologikoa.
Maria Cruz Zuluaga, Luis Ángel Ortega, Ainhoa Alonso-Olazabal eta Encarnación Roda-Robles.

Bilboko erdialdean zehar proposaturiko geologia jarduera hau gure planetaren historian murgiltzeko modurik erosoena da, arroka desberdinen bidez. Bost kontinenteetatik hona, Bilboko erdigunera, ekarri ziren materialak, beren edertasun eta erresistentziagatik. Modu erraz eta erosoan, deskubritu ezazu hiri hau geologoaren ikuspuntutik.


(5) Mikropaleontologia tailerra
Ana Pascual, Julio Rodriguez-Lázaro

Tailer honen helburua da mikropaleontologian ikertzen diren aleak erauzteko eta ikusteko teknikak erakustea. Egungo sedimentu batekin (hondartzako harea) lebigatzea egingo da. 63 m baino handiagoko kontzentratua lupa binokular batekin analizatuko da, baita argazkiak atera ere, bertatik foraminiferoak, ostrakodoak eta itsas-sedimentuetako bestelako organismo arruntak erauzteko.
* Tailer hau Leioako Campusean izango da.


(6) Paleontologia tailerra: Paleozoikoko eta gaur egungo itsas-ornogabeen arteko aldea
Ana Pascual, Estíbaliz Apellaniz

Tailer honen helburua da erregistro fosilean oso arruntak diren zenbait itsas-ornogabeen talde “visu”-ren bidez identifikatzea. Paleozoikoko organismoak (koral taulakarak eta zimurtsuak, adibidez) eta Mesozoiko/Zenozoikokoak (koral eskleraktinioak, adibidez) bereizteko gakoak eskeini nahi dira. Tailer hau irakasleentzako laguntza gisa pentsatu da, hartara “Denbora geologikoa eta fosil gidariak” izeneko gaia lantzeko.
* Tailer hau Leioako Campusean izango da.


(7) Itsas korronteak
Roser Nebot

Tailer honetan itsas korronteekin loturiko zenbait simulazio egiten dira horretarako material bakunak erabilita. Lehenbizi termoklina baten sorrera simulatzen da eta ENSO (El Niño) fenomenoarekin eta Humboldt korrontearen (hotza) azaleratzearekin lotzen da. Zirkulazio termohalinoko prozesuak ere simulatuko dira, hala nola, korronte bero baten sorrera edota Ipar Atlantikoko ur sakonen eratzea.


(8) Uraren zikloa ontzi batean
Roser Nebot

Tailerrean arro hidrogeologiko baten maketa dinamiko bat egingo da. Horretarako ur-ontzi huts bat erabiliko da, non lurzoruko geruzak simulatzen dituzten materialak, putzua simulatzeko hodi bat eta landare bat sartuko diren. Maketan ziklo geologikoko prozesuak behatu ahal izango dira, baita aldaketak simulatu ere, bai naturalak (infiltrazioa, maila freatikoaren aldaketak, kondentsazio diferentziala), bai gizakiak eragindakoak (gainustiapena eta kutsadura).


(9) Meteorizazioa lantzeko ikasgela-saiakuntzak
Carlos García

Lurraren azalak zuzeneko kontaktua du atmosferarekin eta, beraz, prozesu fisiko, kimiko eta biologikoen eraginpean dago. Prozesu multzo honi meteorizazio deitzen zaio eta inguruan dugun paisaia ederren modelatzaileetako bat da. Zein da gure hondartzetako hareen jatorria? Zelan eragiten du euri azidoak arroketan? Zelan demostratu ahal da airean ura dagoela? Nola oxidatzen dira metalak?...
Tailer honetan ikerketa-jarduera bakunak egingo dira, ikasgelan garatzeko modukoak. Mikroskopio digitala erabiliko da behatzeko eta irudiak eta bideoak sortzeko.


(10) Puzzle litosferikoa
Lola Fernández eta Mikel Zamalloa

Dale S. Sawyer-en proposamenetik (http://plateboundary.rice.edu/JGE_Sawyer_2005_published.pdf) abiatuta garatutako tailer honek Plaken Tektonikarekin loturiko oinarrizko kontzeptuak lantzeko jarduera-segida bat proposatzen du.
Gure usterako, erabilitako baliabideek, ideiak trukatzeko eta ezagutza komuna sortzeko taldekako jarduerekin konbinatuta, aipaturiko kontzeptuak ikasi eta erabiltzeko azaldu ohi diren zailtasunak gainditzen laguntzen dute.


(11) Euskal Herriko geologiaren historia Algorri Interpretazio Zentroan
ARAZI

Algorri Interpretazio Zentroak aurkezten duen “Euskal Herriko geologiaren historia” izeneko tailerra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Unibertsitateko eta Heziketa Zikloko ikasleei zuzenduta dago. Puzzle antzeko bat sortzea da helburua eta, era horretan, ikasleek arin, modu didaktikoan eta autonomoan ikasten dituzte gure historia geologikoaren oinarrizko kontzeptuak eta fosilak eta gure mendiak osatzen dituzten arrokak bereizten. Halaber, gure orografiaren eta inguruko paisaiaren bestelako ikuspegia eurenganatzen dute.


(12) Traketsentzako kristalografia.
Jesús Duque Macías

Irakasle lanpetuei zuzendua, DBH/Batxilergoko ikasleentzako kristalografia praktika bat prestatzea baino gauza interesgarriagoak dituztenentzat. Mokorrak erabilita talde kristalografikoak, parametroak, simetria-elementuak (notazioa) eta sistema kristalografikoak bereizten, nomenklatura eta aurpegien proiekzio errazak egiten ikasiko dute. Horrekin, eskola-saio batean edo bitan fitxa kristalografiko aplikagarri bat sortuko dugu. Esperientzia pertsonalean oinarrituta. Materiala: arbela, orria, arkatza eta mokorrak (egurrezkoak, plastikozkoak edo paperezkoak)


(13) Kristalografiaren mundu liluragarria: kristalak hazten
Eder Amayuelas, Maribel Arriortua, Gotzone Barandika, Begoña Bazán, Laura Bravo, Roberto Fernández, Arkaitz Fidalgo, Francisco Llano , Verónica Miguel, Joseba Orive, José Luis Pizarro, Edurne Serrano, Karmele Urtiaga

Kristalak materiaren barne antolamenduaren eredu dira. Arreta handirik prestatu gabe gure artean bizi dira. Azukrea edo gatza bezalako oinarrizko produktuak ez ezik, medikamentuak bezalako material berrienak ere, kristalak dira. Kristalizazio esperimentu errazen bidez gure tailerrean kristal hauek nola eta zergatik sortzen diren azalduko dugu.

 

 

Presentación
Lugar Comunicaciones y Talleres Actividades de campo Comité organizador Inscripción Alojamiento Secretaría
Castellano Euskera